Zeintzuk dira gure aliatuak

Agian galdera probokatzaile batekin hasi dugu gure lehenengo posta, beste post batzuekin jarraipena izango duena, baina ikasketa terminoetan kokatuta honako galdera izan zitekeen: zer beharko genuke misioen ikuspegiaren baitako prozesu baten eraikuntza erraztu edo posible egingo duten aliatuekin kontatu ahal izateko?

Arantzazulabeko ko-sorkuntza esperimentuen lehiaketaren testuinguruan burutzen ari garen prozesua Mariana Mazzucatoren “Misioetan oinarritutako berrikuntzaren” ideian oinarritzen da, eta ideia hori tokiko eremuan aplikatzea da helburua. Eta horrela iritsi gara Galdakaora, hurrengo ideia honekin: Galdakaoko udaleko teknikari eta politikariek bi misio definitzea, Galdakaoko bi erronkei (aldaketa klimatikoa eta kultur aniztasuna) erantzungo diena, eta ondoren Galdakaoko herritar eta eragileekin batera ko-sorkuntza guneak martxan jartzea, misio horietara heltzeko beharrezkoak izango diren ideia – proiektuak sortzeko asmoarekin. Hau lehen fase bat izango litzateke, eta bertatik ateratako emaitzen arabera prozesuarekin jarraitzeko aukera zabalduko litzateke, kasu honetan herritarrekin eraikiko liratekeen beste misio batzuetara zabalduz.

Izan ere, etengabe aldakorra den gizarteaz hitz egiten dugu, ko-sorkuntzaren beharraz edo/eta pentsamolde eta paradigma aldaketaz, baina agian askotan oso zirkulu mugatuetan. Eta zirkulu hauetatik ateratzen garenean inertzia oso sakonak dituzten egitura instituzionalekin egiten dugu topo, zeinentzat ko-sorkuntza gauza bera egitea den baina esfortzua bikoiztuz, dagoeneko ezaguna zaiguna baina izena aldatu eta berrikuntza txiki bat gehituz.

Dagoeneko amaitu da udalaren barruan burutu beharreko misioen lanketa, eta Galdakaoko herritar eta eragileekin batera ko-sorkuntza prozesuetan murgildu gara. Esan genezake barne mailako lehen fase hau kanpamentu nagusira heltzeko ahalegina izan dela, bertatik gainontzeko prozesua eraiki ahal izateko. Eta horretarako, prozesuan lagunduko diguten energiak eta aliantzak batzea beharrezkoa izango da. Honetan datza hain zuzen ere gure lehenengo hausnarketa eta ikasketa.

Udal bat ez da soilik tokiko politikak zeintzuk izango diren erabakitzeko gaitasuna izango duen instituzioa, baizik eta herritarrekin lotura estua izango duen zubia ere bada. Horretarako, eta konplexua izango den horrelako prozesua bideratu ahal izateko, lidergotza partekatu eta erabakigarria beharko da, ez soilik politikoa, baizik eta baita teknikoa ere. Eta hor aurkitu dugu gure lehenengo zailtasuna, hau da, prozesu honen izaera ulertaraztea eta barneratzea, eta era berean egungo errealitate tekniko eta politikoari batu ahal izatea. Izan ere, etengabe aldakorra den gizarteaz hitz egiten dugu, ko-sorkuntzaren beharraz edo/eta pentsamolde eta paradigma aldaketaz, baina agian askotan oso zirkulu mugatuetan. Eta zirkulu hauetatik ateratzen garenean inertzia oso sakonak dituzten egitura instituzionalekin egiten dugu topo, zeinentzat ko-sorkuntza gauza bera egitea den baina esfortzua bikoiztuz, dagoeneko ezaguna zaiguna baina izena aldatu eta berrikuntza txiki bat gehituz.

Beraz, gure lehenengo ikasketa honakoa da: agian, misioak definitzen hasi baino lehen, eraldaketa pertsonal txikiak sortzea beharko genuke, aldaketarako irekitasuna ahalbidetuko dutenak, edo esperimentaziora irekitasuna, edo aurreikus ezin daitekeenera… finean, hemen eta orainera. Xede partekatuarekin konektatzea beharrezkoa izango da, desiragarri zaigun ortzi-muga partekatuarekin, edo berria zaigun horretarako gogoarekin. Eta esaten ari garen hau konkretatu daiteke lan-talde tekniko- politikoek izango lituzketen gune berrietan, entzute, definizio edo jarduera partekaturako gune berrietan. Edo konkretatu ahalko genuke ere berrikuntza beharretan, ezagunak zaizkigun administrazioen plangintzak gainditzen dituen horietan, eta baita egunerokoa gainditzeko gaitasunean ere. Izan ere, ezagunak zaizkigun inertzia hauek ez baitute ahalbidetzen kontrolik gabeko guneen sorkuntza, edo ez dituzte ahalbidetzen uzten egungo erronkei ikuspegi sistemiko eta konplexuen bitartez erantzuteko gai izango diren guneak. Baina era berean, horrelako prozesu batek, jakin beharko du aipatutako plangintzaren logika hori aldaketara bideratutako berrikuntza logika batekin uztartzen, izan ere prozesua bera integratzeko trantsizioak sortu beharraren kontzientzia hartzea beharrezkoa baita.

Ez badugu argi nora joan nahi dugun, oso zaila egingo zaigu herritarrekin ko-sorkuntza prozesuak burutzea, berritzaileak izango direnak, eta esango genuke baita urratzaileak ere. Horretarako beharrezkoa izango da haratago joatea, eta administrazioaren asmoa izan daitekeen hori zentzu edo asmo pertsonala ere bihurtzea. Azken batean, ko-sorkuntza prozesu bat garatzeko aldaketaren eragile izango direla sinesten duten pertsonak behar ditugu, motibazio dosi handiak izango dituzten pertsonak. Azkenik, atera dugun beste ikasketa bat ere ingurunearen beste mota bateko ezagutza izateak duen garrantzian oinarritzen da. Herritarrak beste ikuspuntu eta perspektiba batzuetatik ezagutzea, errealitate kualitatiboetatik haratago, edo orain arte egindakoetatik edo elkartegintzatik haratago. Beharrezkoa izango da herritarrak bere orainean bizitzen duten aniztasunean ulertzea, bere komunitatean, bere ohituretan, bere beharretan, beren desiretan, beren frustrazioetan, beren mugetan…. Arduradun tekniko eta politikoak jarrera berrietan kokatzea beharrezkoa izango da, irekia eta aktiboa izango dena, esploratu, konektatu eta ko-sortzeko gai izango dena. Oinarri hau ezinbestekoa izango da misioetan oinarritutako edo ko-sorkuntzan, elkarlanean, partekatzean edo komunikazioan oinarritzen diren prozesuak bideratzeko. Azken batean, gu geu ere prozesu hobeagoen bermatzaile eta bidelagun izateko.

Zeintzuk dira gure aliatuak eta nola egin daiteke ikuspegi partekatuarekin lan?