Zerbait gertatzen ari da

Onartu behar dut artikulu honetan jaso nahi dudan hausnarketak kezka txiki bat sortu didala. Izan ere, sentsazioa dut adostasunaren aldeko aldarria egitea ez dagoela modan une honetan,  ez politikagintzan eta ezta auzi publiko orokorretan ere. Eta kezka hortik dator hain zuzen ere, artikulu honen helburua adostasunaren alde agertzea izanik hori behar den bezala ulertua ez izatea da. Errazagoa litzateke hausnarketa beste pentsaera baten kontra eraikia izatea, identitate bat berrestea beste baten antitesi gisa. Baina ez da hori artikulu honen nahia.

(…) gai gara gure herriarentzat ona dena eta ez dena baieztatzeko, konturatu gabe gure herriarentzat ona dena ez dela gure arrazoian oinarritzen den hura, baizik eta lortutako adostasunen araberakoa.

Artikulu hau idaztearen ideia aste honetako asteazkenean sortu zen. Egun horretan, Arantzazulab eta Tolosako udalaren artean sinatutako akordioaren aurkezpenean egoteko aukera izan nuen. Akordioaren helburua Tolosan demokrazia deliberatiboa deritzon egitasmo esperimentala sortzea zen, OCDE nazioarteko erakundearen laguntzarekin. Nire iritziz aurkeztu zen proiektuaren bertutea hiru aspektu nagusietan oinarritzen da, justuki Arantzazulab proiektuan ere gerta daitekeena.

Lehena esperimentazio eta gizarte berrikuntzaren garrantzian oinarritzen da. Ez dugu ezer berririk esango garai aldakorrak bizi ditugula baieztatzen dugunean. Dimentsio handiko erronka konplexuak ditugu aurrean, bai gizateri bezala, eta baita herri gisa ere. Jadanik ez digute iraganeko errezetek balio, eta ezta orain arte aitzinatu eta honaino iristen lagundu diguten narratibek ere. Egungo testuinguruak hau dena aldatu du, zaharkitu egin ditu narratibak, eta esperimentazio. Berrikuntza behar dugu erantzun hobeak emango dizkiguten galdera berriak eraikitzeko.

Bigarren aspektua nazioarteko esperientziekin konektatzeko garrantzian oinarritzen da. Nazioartean badira interes berezia sortu dezaketen esperientziak, bertatik ikasi, elikatu, eta hemengo egitasmo berriak hango egitasmo berriekin konektatzeko. Hein batean, gure herria etorkizunera begirako bisioarekin kokatzea suposatzen du, etorkizunari aurreratzea.

Eta azkeneko aspektua, adostasun politiko eta sozialari dagokiona da. Aipatu dudan ekitaldi horretara gonbidatuak izan ziren pertsona eta erakundeen argazkia adostasun horren erakusgarri da. Baina Arantzazulab, bere horretan ere, adostasun horren espresioa da, bertan parte hartzen baitute hiru unibertsitateek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko udalak, Kutxa Fundazioak, Arantzazuko frantziskotar probintzia, Eusko Ikaskuntza, Telesforo Monzon eLab, Agirre Lehendakaria Center edo Arantzazuko adiskideak.

Sentsazio horrekin netorren Arantzazutik Eusko Jaurlaritza eta EHBilduren arteko akordioa sinatu zela irakurri nuenean, hurrengo urteko aurrekontuen inguruko akordioa. Ez dut ukatuko berriak poztu ninduenik, uste baitut bizi dugun garai zailari nekez erantzun ahal izango diogula polarizaziotik. Are gehiago, esango nuke egungo erronka konplexuei erantzuteko gai diren proiektuak aurretik aipatutako hiru aspektuen oinarripean eraikitzen ari direla.  Eta horietako bat, nire iritziz erabakigarria, adostasun politiko eta sozialarena da.

Eta hor pausatu nahiko nuke une batez. Nahiz badakidan ez dagoela modan, modara gehiago gerturatzen direlako 140 karakteretako mezuak, gehienetan arrazoia daukagula erakutsi nahi dutenak. Eta posizio horretatik, geure buruari egozten diogun arrazoi horretatik eta ukatzen dugun bestetik, ustezko segurtasun horretatik, gai gara gure herriarentzat ona dena eta ez dena baieztatzeko. Eta agian ez gara konturatzen gure herriarentzat ona dena ez dela gure arrazoian oinarritzen den hura, baizik eta lortutako adostasunean oinarritzen dena. Azken batean, sentsibilitate eta ikuskera gehienak batzeko gai den proiektua da gure herriarentzat ona dena.

60. hamarkadan mugimendu politiko eta sozial berri bat sortu zen, gaur garenaren oinarriak ezarri zituena, honaino ekarri gaituena, daukaguna eraikitzeko gai izan zena. Ugariak dira loratze honen adibideak, besteak beste hezkuntza proiektuak, proiektu kooperatibistak, euskararen ingurukoak, etab. Baina zintzoki uste dut duela urte batzuetatik hona noraezean egondako barku baten antzera aritu garela. Narratiba horiek jada ez ziguten balio, ez ziren dinamika, inertzia eta sinergia berriak eraikitzeko gai. Mundua aldatu da, eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko zoru berriak behar ditugu, narratiba berriko zoruak. Eta galdera agian da zeintzuk dira zoru berri horiek.