COVID-19 ondorengo gobernantza

COVID-19 ondorengo gobernantza publiko – komunitarioaren erronkak hurbileko erakundeen begiradatik

Errenteriako udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako udako ikastaroetan egindako hitzartzea. Joan Subiratsekin partekatutako mahaian gobernantza publiko – komunitarioaren erronkak landu ziren.

Uste dut COVID-19ak hurbileko erakundeei sorturiko ondorioak zeintzuk izan diren azaltzeko pertsonarik aproposenak egun eremu instituzionalean ardura dutenak direla. Haiek dira aurrez aurre ondorioak ikusi dituztenak, eta esango nuke bizitu ere egin dituztela.

Ondorioetako batzuk egoera pandemikoak sorturikoak dira, baina beste batzuk existitzen ziren jadanik pandemiaren aurretik. Krisi honek ondorioak azaleratu ditu, edo baita egoera horiek okertu ere. Udalentzako erronkak ere bihurtzen diren ondorioak zerrenda genitzake. Hala nola, zaintzaz hitz egin genezake, edo arrakala digitalaz, edo hezkuntzaz, edo pobreziaz, edo udal kudeaketan modu zuzenean eragin duten bestelako ondorioez, baina uste dut horretarako badirela ni baino askoz kualifikatuagoak diren pertsonak, hurrengo bi egunetan zehar hitz egingo dutenak. Eta orduan, zeren inguruan hitz egingo dugu?

Ba niri narratibez hitz egitea gustatuko litzaidake, edo meta-narratibez, hau da, geure buruari kontatzen dizkiogun istorioez, gure gizartean existitzen diren istorioez. Gure bizitzari zentzua emateko eraikitzen diren istorioak dira, gure inguruan gertatzen dena azaltzeko istorioak. Gizarteak garatu eta aitzinatzeko istorioak dira askotan, gizarte kohesionatuak sortzeko istorioak, Baina baita gizarteak krispaziora eraman ditzaketen istorioak ere, tentsioa sortzen dutenak, hausturara eramaten dutenak. Eta galdera da: zeintzuk dira egun gure herrietan gertatzen diren istorio edo narratibak?

Izan ere, COVIDak zerbait aldatzea lortu badu, hori segurtasun sentimendua da. Bagentozen oso aldakorrak ziren garaietatik, bereziki iraultza teknologikoak sortutakoak. Ziurgabeak ziren garaietatik gentozen, eta bagenekien gauza batzuk aldatzen ari zirela, jada ez ginela zenbait kontu azaltzeko gai. Baina mendebaldeko gizarteetan bazegoen oraindik oso barneratutako sinesmena: gure etorkizunarekiko segurtasuna bagenuela, erronka konplexuenei ere irtenbidea topatzeko gai izango ginela. Baina COVIDak hori dena aldatu du, ziurgabetasun handia sortuz gugan. Eta esango nuke, oraindik ere, konferentzia honen izenburuak dioenaren kontra, ez gaudela COVID ondorengo egoeran, oraindik COVID aroan gaudela. Eta okerrena dena, ez dakigu noiz aterako garen.

Eta hori dena gutxi balitz, ezbehar naturalen inguruko azken berriek konfirmatzen digute aldaketa klimatikoa ez dela jada iristear dagoen zerbait, iragarri genezakeena. Aldaketa klimatikoa jadanik hemen dago, eta honek gure etorkizunaren inguruko segurtasun falta handitzen du. Lehenagotik sinistu ezin genezakeen serie distopiko baten protagonistak bihurtu gara.

Hasteko, uste dut aldatzeko dugun modua aldatu behar dugula. Eta hau diot, esandakoaren arabera, ez dudalako uste zalantzarik egon daitekeenik egungo gizarteak eraldatzen ari diren abiadurez. Baina, udalak? Zenbat aldatu dira? Zenbat berritu dira haien politika publikoak definitzerako orduan? Haien egiturak egungo beharretara egokitu ahal dira?

Eta noski, testuinguru honetan, gertuko instituzioetan eragin zuzena izango duten arazo sozialak azaleratu egin dira. Gizarte haserreak azaleratzen hasi dira, askotan COVIDaren aurretik existitzen zirenak. Eta hori izan daiteke hain zuzen ere COVIDak sortu dezakeen ondorioa: lehenagotik existitzen zen haserre kolektibo hori, jarrera indibidualisten antza duten adierazpenen bitartez bideratzea, eta ez ardura kolektibo edo komunitarioaren bitartez.  Hau da, egungo mundu konplexuari eta honek sortutako erronka handiei, modu komunitario edo kolektiboan erantzuteko gai ez garenez, ustezko askatasun indibidualean oinarritutako erantzuna hasten da gailentzen. Eta nahastutako uretan mugimendu populista atzerakoiek indarra hartzen dute.

Horrela, debate handi batean murgilduta gaude, dikotomia batean, hurrengo urteetako gure gizartearen kultura baldintza dezakeen tentsioan: ikuspegi komunitariotik, egungo munduko erronka nagusiei gizarte kohesioaren bitartez erantzutea; edo,- gero eta indar gehiago duten korronteek defendatzen duten bezala – atomizatuta dagoen gizartetik erantzutea, ardura gabeko ikuspegi indibidualistagoetatik, eta batzuetan jazarpenezkoetatik. Horiek dira egun jokoan dauden narratibak. Eta galdera da: zein da indarra hartuko duen narratiba? Eta zer egin daiteke gertuko erakundeetatik?

Hasteko, uste dut aldatzeko dugun modua aldatu behar dugula. Eta hau diot, esandakoaren arabera, ez dudalako uste zalantzarik egon daitekeenik egungo gizarteak eraldatzen ari diren abiadurez. Baina, udalak? Zenbat aldatu dira? Zenbat berritu dira haien politika publikoak definitzerako orduan? Haien egiturak egungo beharretara egokitu ahal dira? Horiek dira erantzutea gustatuko litzaidakeen galderak, bi norabidetako ibilbide batetik: lehena, udaletatik kanpora; eta bigarrena, udaletatik barrura. Bi bide, elkar elikatzen direnak, espiralean, aldatzen ez den eta etengabe aldakorra den prozesu batean.

Udaletatik kanpora: prozesuak berrituz

Galdera nagusia honakoa da: nola eraiki genitzake berrikuntzan oinarritutako prozesuak, egungo erronka konplexuei erantzuteko gai izango direnak? Horretarako, bi ideia nagusietatik abiatu behar dugu: lehena, soilik gizarte kohesionatuen bitartez egin genezakeela, narratiba kohesionatzaileen bitartez; bigarrena berriz, egungo erronka konplexuei soilik elkarlan publiko komunitarioaren bitartez erantzun ahal izango zaiela, ezingo diela administrazioak erronka horiei bakarka erantzun, eta beraz, gobernantza eredu publiko komunitario berriak behar ditugula.

Bide horretan baditugu politika publikoetan gizarte berrikuntza txertatzea lortu duten adibideak. Gertukoenak, Debagoiena – jada nahiko aurreratuta dagoena – eta Goierrikoak – lehenengoari jarraitzen diona –. Eta zer da egiten ari direna?

Aplikatzen ari diren metodologia eta prozesuek fase ezberdinak dituzte: ikerketa, definizioa, ko-sorkuntza, prototipatua, testatzea eta inplementatzea. Faserik garrantzitsuenetakoa, eta gainontzeko prozesuari zentzua ematen diona lehenengoa da, entzutearekin zerikusia duena. Jakitea zer den gure herrietan gertatzen ari dena eta zeintzuk diren existitzen diren narratibak. Zer da jendeak dioena, zein behar dituen, eta zer dago esaten dutenaren eta esaten ez dutenaren atzean. Azken batean, entzute komunitario sakonak dira, normalean egiten diren oso bestelakoak.

Jarri dezagun adibide bat: pentsa dezagun herri batean egiten diren inkestek esaten digutela herri horretan gehien arduratzen duen gaia segurtasunarena dela. Datu hau, zalantzarik gabe, kuantitatiboki oso garrantzitsua da gobernu ardurak dituen batentzat. Baina… eta termino kualitatiboetan? Zer da ardura horren atzean gordetzen dena? Zein da segurtasun faltaren kausa? Eta zein kausaren kausa? Non sortzen da? Zeintzuk dira eragiten ari diren eragileak? Eta zer diote eragile hauek?

Hau da, elkarlan publiko komunitarioa bultzatuko duten prozesuak behar ditugu, ardura komunitariotik egungo gizartearen erronkei erantzun ahal izateko, eta hori soilik gizarte kohesionatuen bitartez egin daiteke, narratiba kohesionatzaileen bitartez. Narratiba kohesionatzaileek ortzi-muga bat ezartzen laguntzen digute, eta bide horretatik sortutako emaitzek ahalbidetzen dituzte narratiba berriak.

Galdera guzti hauek oso garrantzitsuak dira, oso konplexua den arazo bati irtenbidea bilatzen laguntzen digutelako, modu sistemiko batean eta ez linealean. Badakigu zein den horrelako segurtasun arazo bati orokorrean ematen zaion erantzuna: poliziaren presentzia areagotzea. Eta hala ere, polizia kopurua handituta ere, askotan frustratuko gara, arazoak bere horretan jarraitzen duelako. Konplexua den arazo bati irtenbidea eman nahi badiogu, berrikuntza areagotu beharko dugu, konplexutasunean barneratzen lagunduko diguten formula berriak eraikiz.

Baina entzutean oinarritutako fase honek badu ere oso garrantzitsua den bestelako ondorio bat: gure gizartean kohesionatzaileak izan daitezkeen osagaiak zeintzuk diren identifikatzen laguntzen du. Izan ere, lehenago aipatu bezala, eraldaketa soilik gizarte kohesionatuen bitartez etor daiteke. Horregatik da hain garrantzitsua gure herriko narratiba kohesionatzailea zein izan daitekeen ikustea. Herri guztiek behar baitute kontatu ahal izango duten istorio bat, zentzua emateko, kohesionatzeko.

Orain arte aipatutako guztiak aurrera begira gure gizarteak erantzun beharreko erronkak zeintzuk diren definitzera garamatza, eta horiei erantzuteko jadanik identifikatuak izan diren eragileekin elkarlan publiko komunitariorako guneak sortzera. Ko-sorkuntza guneez ari gara. Helburua eragile bakoitzak bere eragin eremuan jardutea da, lehenagotik guztien artean adostu den misio baten bidean, erronkei erantzuteko gai izango dena. Era berean, hauek denak modu sistemiko batean erlazionatuko dira. Azken batean, herriko eragileak adostutako bidean lerrokatzea izango da helburua.

Aldi berean, oso garrantzitsua izango da prototipatu eta testatzeko gai izatea, irtenbidea modu orokorrean aplikatzen hasi aurretik. Prototipatu eta testatu berriro ere entzutera bueltatzeko, testatu dugun horrek balio duen edo ez jakiteko. Balio badu modu orokorrean aplikatuko da, eta ez badu balio, zuzendu edo aldatuko da.

Eta horrela doaz eraikitzen narratiba berriak. Hau da, elkarlan publiko komunitarioa bultzatuko duten prozesuak behar ditugu, ardura komunitariotik egungo gizartearen erronkei erantzun ahal izateko, eta hori soilik gizarte kohesionatuen bitartez egin daiteke, narratiba kohesionatzaileen bitartez. Narratiba kohesionatzaileek ortzi-muga bat ezartzen laguntzen digute, eta bide horretatik sortutako emaitzek ahalbidetzen dituzte narratiba berriak. Narratiba hauek agian ez dira gai izango ziurgabetasuna ezabatzeko – izan ere agian ohitu beharko gara etengabean aldakorra diren gizarteetara, eta bertatik ikasi -, baina segurtasun sentsazioa handitu dezakete, zentzua ematen digutelako.

Udaletik barrura: tokiko erakundeak eraldatzen

Aurreko puntuan azaldutakoari jarraiki, galdera orain honakoa litzateke: udalak rgokitu ahal daitezke egungo gizartearen konplexutasunari erantzuteko eraikitzen diren honelako eta bestelako prozesuetara? Udal batek, bere departamentuzko egitura zurrunaren bitartez, erantzun ahal du modu sistemiko batean? Lerrokatutak al daude udal baten langileen egitekoak udal horren misioarekin?

Administrazioaren eraldaketak erakundearen kulturaren eraldaketa sakona eskatzen du. Administrazioa eraldatu nahi badugu beharrezkoa izango da erakunde horrek duen kultura bera ere eraldatzea, eta horretarako beharrezkoa izango da langilegoa prozesu horretara ekartzea.

Nire ustez, gaur egungo mundu aldakor honi erantzutea zailtzen duten administrazioaren arazoak bi dira nagusiki: langileriaren motibazio falta eta administrazioaren zeharkakotasun falta. Zintzoki esanda, bi arazo hauek konpontzea oso zaila da, izan ere hura konpontzeko beharrezkoa bailitzateke funtzio publikoko udalez gaindiko legedia aldatzea. Baina saia gaitezen udal baten barruan egin ahal genukeena ikusten.

Administrazioaren eraldaketak erakundearen kulturaren eraldaketa sakona eskatzen du. Administrazioa eraldatu nahi badugu beharrezkoa izango da erakunde horrek duen kultura bera ere eraldatzea, eta horretarako beharrezkoa izango da langilegoa prozesu horretara ekartzea. Eta noski, erakundearen kultura eraldatzeaz mintzatzen garenean denbora asko eskatzen duten egitekoez ari gara. Izan ere, ezinezkoa da 3 hilabetetan aldatzea 40 urtetan ezarri eta erabili dena.

Udal batek beharrezkoa duen lehen gauza misio argi bat da, ibiltzen lagunduko duen ortzi-muga. Eta esango nuke misio horrek lotura zuzena beharko lukeela egungo munduaren konplexutasunarekin, eta udalek konplexutasun horretan izan behar duten paperarekin. Esango nuke gainera, misioak kohesionatzailea behar duela izan, herriko osagai kohesionatzaileekin bat egiteko gai izan beharko luke. Esan dugun bezala, edozein eraldaketa prozesuk narratiba kohesionatzaileak behar dituelako, edo baita identitate kohesionatzaileak ere.

Misioa ezarrita, helburuak, ekintzak, planifikazioa eta antolaketa eredua definitu beharko dira. Eta hori dena zeharkakotasuna erabiliz egin beharko da. Planteatzen dena da hasieratik prozesu guztia bideratuko duen lan-talde anitz eta transbertsala osatzea, hau da, departamentu ezberdinetako langileak bilduko dituena. Lan-talde hau izango da prozesua bideratuko duena, zuzendaritzatik langilekoko azken kideraino. Helburua honakoa izango da: udalak bere barne funtzionamenduan markatutako helburu estrategikoak txertatzea.

Noski, helburu hauek, eta ezarritako ekintzak, aldatu egingo dira aurreko atalean azaldutako prozesua aurrera doan neurrian, edo mundu honetan gertatzen diren aldaketen baitan. Edozein kasutan, eta nire iritziz, gakoa antolaketa eredu malguak sortzea izango da, eta helburu estrategikoen baitan egituratuko direnak.

Jarri dezagun berriro ere lehenago aipatutako segurtasunaren adibidea. Gerta liteke, uneren batean, udal batentzat segurtasuna garrantzi handiko gaia izatea, hau da, helburu estrategiko bilakatzea. Lehenago aipatutako konplexutasuna kontuan hartuz zaila egiten da pentsatzea horrelako gai bati udaleko udaltzaingoaren departamentutik soilik erantzun ahal izango zaiola. Gaiaren konplexutasuna kontuan hartuta, logikoa dirudi beste departamentu batzuk ere helburu honetara batzea: esaterako, gizarte zerbitzuak, berdintasuna, aniztasuna, hezkuntza, hirigintza, edo baita kultura ere.

Hoberena departamentuzko egiturak gaindituko lituzkeen helburu estrategikoen baitako lan unitateak sortzea litzateke, lehenik elkarren artean entzuteko, bigarren arazoa definitzeko, hirugarren ideiak sortzeko eta laugarren prototipatu eta testatzeko. Ez bagara egungo egiturak gainditu eta sistemikoki lan egiteko gai, ez gara gai izango ditugun arazoei irtenbidea emateko.

Amaituz, esan beharra dago, lehenago aipatutako prozesua – udaletik kanpora –, eta beste hau – udaletik barrura –, elkar lotuta eta harremanduta daudela. Gehiago oraindik, esango nuke batek bestea elikatzen duela eta alderantziz. Gakoa biak prozesu logikan ulertzea da, etengabe aldakorra den prozesu logikan, mundu honi erantzuteko nahikoa malgutasun izango duen prozesuaren logikan.