Taupada zalantzatietatik irribarre partekatura
Maraka eta Apitropik erakundeekin batera Arantzazulabentzat idatzitako azken post-a jasotzen da hemen. Post hauen helburua Arantzazulabeko ko-sorkuntza ekosistemako lehiaketan beste proiektu batekin batera irabazle atera zen G2030 proiektuaren inguruko ikasketak jasotzea da.
Sarritan, proiektu bat amaitzen denean, lortutako emaitza ukigarrietan pentsatzen geratzen gara. Gure kasuan, pozik begiratzen diegu aurten Galdakaoko Udalak definitutako 2 misioei eta herritarrekin batera sortutako 5 ideiei. Gure buru arrazionalak esaten digu: “ondo dago egindakoa lan-talde, bete duzue zuen lana” eta proiektua amaitutzat emango genuke.
Izan ere, “to-do” zerrenda bat izango bagenu, “lortutako emaitzen” lerroan “check” egiteko unean egongo ginateke, eta pozik itxiko genuke gure lankidetza.
Baina hain sinplea eta zuzena al da benetan? Gure ustez, ez, zerrenda konbentzional/arrazionaletik kanpo beste emaitza batzuk daude, eta horiei ez diegu horrenbesteko garrantzirik ematen, baina ezinbestekoak dira, gure proiektuaren taupadei zuzenean eragiten baitiete.
Esaten ari garenaren adibide bat jarri dezakegu: proiektuaren inguruan idatzi genuen lehen post-ean aipatu genuen proiektuaren izaera udaleko eremu tekniko – politikoan txertatzeko genuen zailtasuna. Are gehiago, aipatu genuen “misioak definitzen hasi baino lehen, eraldaketa pertsonal txikiak sortzea beharko genuke, aldaketarako irekitasuna ahalbidetuko dutenak, edo esperimentaziora irekitasuna…”. Baina prozesu honetan zehar konturatu gara prozesuak berak ahalbidetu dituela eraldaketa pertsonal txiki horiek. Egoera aldatu dela. Bazirudien prozesuak berak aurretiazko baldintza batzuk behar zituela arrakastatsua izan zedin, eta konturatu gara prozesuak berak sortu dituela baldintza horiek.
Hau prozesuan zehar beste adibide batzuekin batera ikusi dugun balio bat izan da, etaune batez begirada gelditzean, benetako beste lorpen bat hemen dagoela konturatzen gara, post honekin goraipatu nahi duguna:
Ezin da hitz bakarrean definitu, marrazki bat balitz bide bat, edo hainbat, irudikatuko genituzke… pertsona bakoitzaren eraldaketa-prozesuaz ari gara. Pertsona bakoitzak, kontzienteki edo oharkabean, proiektu honetan honaino iristeko igaro behar izan duen bidea edo bideak dira. Esan genezake prozesuaz hitz egin dezakegula, prozesuak emaitza ukigarrietatik haratago sortzen duen eraldaketaz.
Zein zaila den hain ukiezina, ustekabekoa, emozionala, jarrerazkoa eta pertsonala den zerbaiti buruz hausnartzea. Ibiltari bakoitzarena da, eta guk, erraztaile/diseinatzaile gisa, ez dugu horretan kontrolik. Pertsonala da, pertsona bakoitzak proiektuarekiko bilatzen eta aukeratzen duen jarrera. Bere erabakia da, eta proiektuari eta hura osatzen duten pertsonei eragiten die. Posizionamendu hori ez dago finkatuta, prozesuan zehar aldatzen doa, ezberdintasunak markatzen ditu eta “ni” horretatik “gu”horretara eta alderantziz igarotzeko aukera ematen du.
Pixka bat arraroa izango litzateke proiektu bat hasterakoan azaltzea elkarrekin ibiliko garela eta une batzuetan gelditu egingo garela, bakarrik edo taldean, batzuetan bide desberdinetatik joan nahi izango dugula, aurrera egiten jarraitzeko atzerapausoak eman beharko ditugula, galdu egingo garela eta berriz elkartuko garela ala ez, eta hori guztia komunitatean izandako hazkundearen eta proiektuen edertasunaren parte dela..
Horretarako, “ni” horretatik abiatuta beharrezkoa da zentzua aurkitzea, “hemen zertarako nagoen” ikustea, niaren eta proiektuaren arteko distantzia egokia erabakitzea (gure inplikazio-mailari buruz, mugei eta jardun-eremuei buruz galdetzea), besoak irekitzea (emateko eta jasotzeko jarrera batean egotea), norantz joan jakin gabe ausartzeko prest eta zerbait berria aurkitzeko prest egotea (nork bere burua aurkitzea, beste pertsona aurkitzea, talde gisa aurkitzea).
Laburbilduz, esan genezake partaide edo parte-hartzaile izatea fede-ekintza batekin hasten dela, konfiantza itsuarekin. Baina benetan, momenturen batean gure buruak egiten duen “klik” baten bidez aktibatzen da, eta horrek eraldatu egiten gaitu, gure ikasketetatik hazi, gure begirada eraldatu eta proiektuarekin, gainerako pertsonekin eta gure buruarekin dugun harremana aldatzen du. Mundu guztia ez da iristen “klik” honetara, baina gure eginkizuna haiekin konektatzen saiatzea da, proiektu parte-hartzaileek, eta bereziki G2030 proiektuak, duen boterearekin.
Gaur topa egin nahi dugu. Topa momenturen batean beraien begirada aldatu nahi izan duten proiektuko partaideengatik, beste aukera bat eman digutenenengatik, zintzoak izan direnengatik, konfiantza izan eta eramaten utzi direnengatik, konfiantzarik izan ez duten baina entzuteko tarte bat utzi zigutenengatik, euren buruarentzako espazioa utziz taldearen aniztasuna aberastu dutenengatik, berandu iritsi zirenengatik, beti egon direnengatik eta jarraitu ez zutenengatik, blokeatu eta desblokeatu zirenengatik (blokeoak beti desblokeatu baitaitezke), desberdin ikusi zutenenengatik, desberdintasunagatik, beste batzuk gonbidatu zituztenengatik, beti irribarrea eta jarrera positiboa ekarri zutenengatik, playmobileko eserleku baten eta auzoko bakardade ez-desiratuaren artean binkulu bat sortzen jakin zutenengatik, pertsona enpatikoengatik, entregatutakoengatik, lotsatiengatik, adituengatik, gazteengatik, adinekoengatik, etorkinengatik, funtzionarioengatik, ama edo izebengatik, erretiratuengatik, militanteengatik, horrenbeste ikasten lagundu diguten pertsona guztiengatik… Beraiei guztiei esker 5 ideiako proiektu bat baino zerbait gehiago sortu da, botere eraldatzailedun harremana sortu da, eta, horren ondorioz, atzoko eta biharko Galdakao desberdinak izango dira ezinbestean.
Irudi batekin uzten zaituztegu: imajinatu baso handi bat, eta pertsonak leku desberdinetan dituela, bide txikietan ibiltzen. Batzuk galdu egiten dira, batzuk seguru doaz, beste batzuk segurtasunik gabe. Gu ere han gaude, oinez eta pertsona horiek guztiak aurkitu nahian, noizbait bide komun batetik pasearazi ahal izateko. Pixkanaka-pixkanaka gero eta jende gehiago biltzen ari gara, bidearen jarraipena elkarrekin ikusi eta basotik irten arte.
Zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta ezberdinagoa iruditzen zaigu ezagutzen genuen basoa, begirada berria da, ala baso berria? Berdin dio, zerbait aldatu delako sentsazio sotil hori da garrantzitsuena. 🙂